Gamiz-Fika Gerra Zibilean

Beste hainbat udalerritan bezala, Gamiz-Fikako lasaitasuna Gerra Zibila hasi zenean amaitu zen, 1936ko uztailaren 18an. Gazte asko frontera joan behar izan ziren eta horietako batzuk ez ziren sekula bueltatu, bizitza Legutio, Sollube edo Bizkargiko frontean galdu zutela.

Baina Gamiz-Fikako herritarrek beste hainbat egoera latz pairatu zituzten: kartzela, gaixorik hiltzea etxean edo etxetik urrun, seme-alabak erbesteratu behar izatea, bonben erasoak, jakien errazionamendua, ondasunak bahitzea; eta txarrena ere, lagun-maitea fusilaturik galtzea.

Hainbat etxetan errefuxiatuak hartu zituzten, baina frontea Gamiz-Fikara hurbildu zenean beste herri batzuetara ihes egin behar izan zuten.

Burdin Hesiaren gotortze lanak inguruko mendiak hartu zituen eta 1937ko ekainaren 12an frankisten jomuga bilakatu ziren, artilleria, gudari eta frankisten arteko enfrentamendua pairatuz.

Hau guztia bizi izan zuten herritarrei eta egun hartan Gamiz-Fikan borrokatu, zauritu eta hil zirenei omenaldi txiki bat egin nahi diegu. Izan bedi webguneko memoria historikoaren atal hau pertsona horien memoria berreskuratzeko lekua.

Argazkiak: Gamiz eta Fika (I. Ojanguren. Guregipuzkoa.eus).