Memoria galdu ez dadin

Azken urte hauetan Gamiz-Fikan Gerra Zibileko memoria berreskuratzen hasi gara. Historiako gertaera latz hura bizitzea tokatu zitzaien pertsonen memoria eta gure herriak bizi izan zuen historiaren memoria balioan jartzeko.

Izan ere, Gerra Zibilak herri guztietan testuinguru orokor bat badu ere, herri bakoitzak bizi izan zuena lekuan lekukoa da eta ez da inoiz herri guztietan berdin errepikatzen.

Zer bizi izan zuten Gamiz-Fikarrek Gerra Zibilean?

Gazteak frontera joan ziren, baina bueltatu al ziren guztiak?

Bonbardaketarik bizi izan al zuten?

Burdin Hesitik horren gertu egoteak nolako eragina izan zuen herrian?

Errefuxiaturik hartu al zuten herrian?

Etxetik alde egin behar izan al zuen familiaren batek?

Haurrik bidali al zuten erbestera?

Hasi gara galdera horien erantzunen bila. Baina zure laguntza behar dugu memoria berreskuratzeko bidai honetan. Bidelagun behar zaitugu. Kontatu egiguzue zuen etxeetan nola bizi izan zuten Gerra Zibila.

Guztion artean, elkarlanean... memoria ez dadin galdu.