Pertsonen memoria

Izenak berreskuratuz, istorioak berreraiki

Zenbait argitalpenetako zerrendak aztertu besterik ez dago Gamiz-Fikar askoren bizitza 1936ko uztailaren 18an erabat aldatu zela ikusteko. Batzuk borrokatzea erabaki zuten, baina beste askok nahiko izan zuten biziraun edota beraien familiakoen bizitza zaintzearekin. Bizirauteko sen horrek Gerra Zibileko gertakarien barruan familia bakoitza egoera oso desberdina bizi izatea ekarri zuen.

Gazte askok frontera abiatu behar izan ziren eta horietako batzuk bizia galdu zuten demokraziaren eta askatasunaren defentsan. Tamalez, beste asko espetxeratu, edo are okerrago, fusilatu zituzten

Familia askok herritik alde egin behar izan zuten eta bertan geratu zirenei bonbardaketen izua, elikagaien gabezia, jabegoen enbargoa… bizitzea tokatu zitzaien. Gamiz-Fikako herriari Burdin Hesiaren apurketa bizitzea ere tokatu zitzaion.

Ekainaren 12ko borroka latz horiek hildako ugari utzi zituen gure mendi, auzo eta zelaietan. Pertsona horien guztien memoria berreskuratzen joatea da gure helburuetako bat.

Nortzuk dira mendi eta bazter horietan askatasuna eta bizia galdu zuten gazte horiek?

Fika. Garai bateko irudia. Alkate, abade eta zinegotziak (I.Ojanguren. Guregipuzkoa.eus)

Gerra Zibilean pertsona asko atxilotu zituzten eta bi bandoetatik komentu, bainuetxe, ikastetxe, itsasontzietan egokitutako espetxeetara, presondegietara eta kontzentrazioesparruetara bidali zituzten. Jakin badakigu Gamiz-Fikako bizilagun batzuk espetxe frankistetan egon zirela. Aurretik jaso ditugun zerrendekin gertatzen den bezala. Ondoren jaso ditugunak baino gehiago izan daitezke, guztion laguntzarekin osatzen joateko esperantza dugu.

  1. Gamboa Uriarte, Josefa
  2. Goitia Legarreta, Alejandro
  3. Ortiz de Guman y Garcia Albeniz, Eugenio
  4. Uriarte Uriarte, Marcelino
  5. Uriarte, Juan
  6. Urquidi Gozi, Florencio

Zerrenda guzti horietan jasotako hildakoez gain, izan ziren bestelako biktimak ere, gerrak eragindako beste arrazoiengatik:

  • Echeandia Bilbao, Paulina. Gerraren ondorioz osasun arreta konplikatu egin zen garai hartan. Batez ere frontea Gamiz-Fikara heldu zenean. Hau da Markosene baserriko Paulinari gertatu zitzaiona. Mediku asko frontean zeuden, zaurituei arreta ematen eta kasu batzuetan beranduegi heltzen ziren herritarrei arreta ematen.
  • Goicoechea Landa, Pedro. Haur honen antzeko istorioak herri askotan jaso dira. Izan ere, Burdin Hesiaren sektore honetako liskar gogorren ostean, nahiko ohikoa zen mendian lehertu gabeko jaurtigaiak aurkitzea. 1938an Loba inguruan zebiltzan hiru auzotar gaztek hildako baten aztarnak aurkitu zituzten eta gauza horien artean granada bat aurkitu zuten. Eztanda egin zuen eta ondorioz Pedro hil egin zen (1938/08/14).